Ugatza (Gypaetus barbatus) Inprimatu

Gypaetus barbatus. 2,80 metroko luzera eta 7 kg izatera irits daiteke. Hego luze eta estuak dauzka, genikulatuak sarritan. Buztan luze eta puntaduna dauka. Begietan iris gorria du, eta hankak oso laburrak dira (Elosegui, 1985). Oso lumadi iluna dauka gaztaroan eta, heldu ahala, argitu egiten zaio. Bere bizkarraldea eta hegoak arbel kolorekoak dira, erreflexu zuriekin, eta bere burua eta beheko aldeak zuri-gorrixkak. Hurbiletik eta geldi dagoela ikustean, bular eta sabelaldeko luma zuri-gorrixken gainean gailentzen den lepoko beltz moduko bat daukala bereiz daiteke.

Mendi sistema handi eta malkartsuak behar ditu, hutsune, kobazulo eta amilburudunak habiak egiteko. Bi aldiz jartzen ditu arrautzak, baina ez ditu sekula bi kume hezten, nagusiak gazteena hiltzen baitu, eta elikagai gisa balio dio. Hegazti sarraskijalea da, nekrofagoa (hildako animaliak jaten ditu), eta ugaztunen hezurren karkasez elikatzen da batik bat. Elikagaiak lurretik hurbil hegan eginez bilatzen ditu.  Hezurrak hausteko eremu harritsuetara botatzen ditu (Antor et al., 2004). Jokabide horregatik du gaztelaniaz “quebrantahuesos” izena.

Gazteek eta azpi-helduek mugimendu handiak egiten dituzte sakabanatze-fasean. Fase horren ondoren, sorterrira itzultzen dira (filopatria). 

Nafarroako Gobernua espeziea babesteko lanean ari da, Pirinioaldeko gainerako administrazioekin batera, hala Frantzia aldekoekin (Akitania, Midi-Pyrénées eta Languedoc-Roussillon) nola Espainia aldekoekin (Kataluniako Generalitatea, Aragoiko Diputazio Nagusia eta Eusko Jaurlaritza), baita Andorrako Gobernuarekin ere.

Mundu mailan (IUCN), Europan (Hegaztien Z. eta Bernako H.), Espainian (IUCN) eta Nafarroan babestuta dago.

Hegazti honen mehatxu nagusiak artzain sistemak uztearekin, basogintzako jarduerekin, ehizarekin, sare elektrikoekin, garraio eta komunikazioekin, aisialdiko eta kirol jarduerekin eta horien ekipamenduekin eta zaratarekin lotuta daude, eta prozesu naturalen mehatxua ere jasaten du.

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik HEMEN