Okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos ssp. lilfordii) Inprimatu

 Dendrocopos leucotos ssp. lilfordiiEspezie hau glaziazioetako erlikia da (garai batean glaziarrek hartzen zituzten lurretan bizi zen, eta glaziarrak desagertu ondoren, haren eremua nabarmen murriztu da). Arren buru-gaina (pileoa) gorria da, eta emeena, aldiz, beltza. Bularra horixka da, zerrenda beltzekin, eta sabelaldia, berriz, arrosa. Bizkarrean marra zuriak eta beltzak ditu. Hegoetan marra zuriak agertzen dira, eta hanka sendoak ditu. Isatsak euskarri gisa balio dio, enborretan gora egiteko. Pirinioetan espezie honek nahiago duen habitata pagadiak eta pagadi-izeidiak dira. Bertako enborretan bilatzen ditu jaten dituen intsektuak. Udaberriaren hasieran hasten da araldia, eta emeak 3-5 arrautza jartzen ditu, apirila eta maiatza bitartean. Nafarroan Erronkaribargoienean hasi eta Kintoko oihanetaraino agertzen da, eta mendebalderaino ere iristen da, pagadietan zehar, Berueteraino. 2002an egindako zentsuan 77-94 bikote aurkitu ziren (Martí, 2003). Horren arabera kopuruak gora egin du aurreko datuekin alderatuta, berriki egiaztatu delako ordura arte ezagutzen zen banaketa eremutik mendebalderako pagadi atlantikoetan badagoela. Mundu mailan (IUCN), Europan (Habitaten Z. eta Bernako H.), Espainian eta Nafarroan babestuta dago. Ezpezie horren mehatxu nagusiak nekazaritza eta basogintza dira.     Okil berdea Picus viridis Okiletan ezagunena da. Tamaina 30-36 cm-koa da. Bizkarraldea berdexka da, eta ipurtxuntxurrean (isatsaren aurre-aurreko aldean) tonu horixkak ditu; sabelaldean, berriz, tonu zurixkak hartzen ditu. Buru-gaina (pileoa) eta garondoa gorriak dira, eta begiak, ordea, horixkak eta alde beltz batek inguratuak. Bibotean dimorfismo sexuala du (sexuen arteko desberdintasuna): beltza da, baina arrek zentro gorria dute. Espezie ubikista da (habitat anitzetan bizi da): oihan ezberdinetan bizi da, are sastrakadietan eta parke edo lorategietan ere. Batez ere inurriak jaten ditu. Emeak 5-7 arrautza jartzen ditu eta emeak zein arrak txitatzen dituzte. Mundu mailan (IUCN), Europan (Bernako H.), Espainian (IUCN, Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoa) eta Nafarroan babestuta dago. Mehatxu nagusiak nekazaritza eta basogintzako jarduera dira, espeziearen behar espezifikoak kontuan hartzen ez dituztenak.