Muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus) Inprimatu

Galemys pyrenaicusGorputz txiki potoloa, eta apur bat zapala duen ugaztuna da. Isatsa lodia, luzea eta ezkataduna da. Ile luze eta lisoa du, gaztaina edo grisa, eta irisazioak ditu; sabelaldekoa argiagoa da bizkarrekoa baino. Mutur luze berezia du, biluzia eta zapala, tronpa mugikor baten erara, bukaeran ile sentikorrak eta sudur zuloak dituena. Oso begi txikiak ditu, eta ez du belarririk. Atzeko hankak aurrekoak baino handiagoak dira eta hatzarteko mintzak dituzte, igeri egiteko. Uretako bizitza du: ur lasterretan, ur hotz, garbi eta oso oxigenatuko ibilguetan, urte osoan emari erregularra badute. Dirudienez ingurune anitzeko tokiak nahiago ditu, bereziki eremu atlantikoko ibar-basoak. Hango ertzetan bizi da, zulo naturaletan edo beste animalia batzuek egindakoetan, eta bertan ezartzen du habia, ertzetako landare-materialez egina. Gaueko jarduera du, batez ere, baina arratsaldeko hasierako orduetan ere jarduerako aldi txiki bat izaten du. Guztiz erritmo metaboliko altua du: egunero jaten duena bere pisuaren %30-50 adina izan daiteke. Ibaiaren hondoko ornogabeak, handi samarrak, jaten ditu. Arren araldia abenduaren bukaeran hasten da, eta emeena, urtarrilaren bukaeran. Ugalketa garaia maiatza-ekainera arte luzatzen da. Jaiotzeak (batetik bost kumera bitarte) martxotik uztailaren hasierara gertatzen dira. Kumeak amak bakarrik zaintzen ditu. Urtean umealdi bat baino gehiago izan daiteke, eta bizitzako lehen urtea eginda sexu-heldutasunera iristen da. Endemismo franko-iberikoa da (bakarrik zonalde horretan bizi da); Nafarroan lurraldeko iparraldeko herenean agertzen da. Mundu mailan (IUCN), Europan (Habitaten Z. eta Bernako H.), Espainian (IUCN, Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoa) eta Nafarroan (Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoa) babestuta dago. Espezie horren mehatxu nagusiak uretako kutsadura eta gizakiak eragindako beste aldaketa hidrologiko batzuk dira.