Hartz arrea (Ursus arctos. ) Inprimatu

Lur gainean, eta animalia iberikoen artean, haragijale handiena da. Dena den, sexu dimorfismoa nabarmena du,  eta, ondorioz, arrak emeak baino dezente handiagoak izaten dira, 180 kilogramotik gorakoak izaten baitira eta emeak, berriz, 130-140 kilogramo ingurukoak. Ile sarria izaten du, eta kolorea, krema argi-argia eta arre iluna artekoa. Hartz arrea plantigradoa da; hau da, oinazpien gainean ibiltzen da, gizakiok bezala, eta, gainera, bi oinen gainean ibiltzeko gai den animalia gutxienetako bat da. Hain zuzen, borrokatzen denean edo bere burua mehatxatuta ikusten duenean jartzen da horrela, eta, beraz, bi metro inguruko altuera izatera hel daiteke. Sekulako itxura du, altuera horrez gain, burua ere izugarria baita, begiak eta sudurra, beltzak, eta bi belarriak, txikiak eta biribilkarak. Bizi ahal izateko, mendeko lurralde zabalak behar izaten ditu, beti 1.000 eta 1.800 metroko garaiera artean. Urteko sasoiaren arabera eta elikagaien eskuragarritasunaren arabera, inguru desberdinetan eta habitat askotarikoetan bizi da, eta, horrenbestez, leku-aldatze luzeak egiten ditu, beti bakarrik eta gauez. Udan eta udazkenean, bizi den lurraldeko toki garaietan ibiltzen da. Hango basoetan, fruitu arbolak behar izaten ditu negua igaro ahal izateko behar duen gantz geruza sortzeko. Udaberrian, ibarren beheko aldean ibiltzen da, eta zurtoinak eta sustraiak jaten ditu. Nahiz eta haragijaletzat jotzen den, orojale oportunista da, jaten duenaren %75-80 landareak baitira eta haragia noizbehinka jaten baitu. Araldia apirila eta ekaina artean izaten du. Urtarrilean eta otsailean jaio ohi dira kumeak, eta aldiko hartz kume bat eta hiru artean sortzen dira (5). Mendebaldeko Pirinioetan, hartz arrearen ohiko bizilekua Aragoi eta Nafarroa artean dago, Erronkarin, Anso eta Echo ibarrekiko mugan. Inguru horretan galdu zen Camille hartzaren arrastoa. Pirinioetako mendebaldean hartz arrea agertu ohi da Aragoitik Nafarroara doan zonaldean, Erronkarin, Ansó eta Hecho ibarrekin mugakidea baita; hantxe utzi zuen Camillek azken arrastoa. Azken urteetan modu jarraikian bizi izan da inguru horretan. Espero izatekoa da lurralde mugakideetatik datozen beste hartz batzuek hartzea inguru hori. Espezie hau larriki mehatxatua dago, eta, ondorioz, babestuta dago mundu osoan, Europan, Estatuan eta Nafarroan. Zehazki, mehatxu nagusia hau da: giza jardueraren ondorioz, besteak beste, nekazaritzaren, basoak ustiatzearen edo isileko ehizaren ondorioz, beren habitata okupatzea eta/edo desagerraraztea.